XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Apokalipsia liburutik?

BAIONAKO bestei bazterretik begiratu diegula aitortzen dugu, eta agian, barnetik zerbait egitera entseiatu direnek emanen digute beste xehetasunik.

Guk axala dugu bakarrik ikusi: gazteak eta adinekoak xuriz bezti, gerriko gorriekin, Baionara abian!

Horko bestak aspaldian utziak ditugunei ere, berriz abiatzeko gogoa piztu digute...

Baionako bestetara jantzi berezitan joateko mogimendu hori badu jadanik zenbait urte sortu zela, baina iduri luke orain arras gaina hartu duela.

Urrats nimiño bat dela euskalduntzearen bidean? Ez hain ttikia menturaz.

Sail horretan onak izateaz gain, besta, gure kulturaren zati handitzat baitaukagu.

Beti eta barnago joan beharko da besta horien egitaraua finkatzean eta geure hiri nagusi arroztuan euskal giro zerbait sortzen badugu lagungarri izan dakiguke, udazkenean, beste sail batzuen akuilatzeko...

Horiek horrela, zertan dugu gaur geure Baiona? Nornahi ohartuko da hiri barneko bizia ahulduz doala eta hori aspaldidanik.

Saltegiak, lehen jori zeudenak, zenbat ote dira gaur ongi doazenak? Gehienek ez dute espanturik eta anitzek hesten dituzte beren ateak beste zerbaiti lotzeko, berriz hetsi artean...

Horrela, zerbitzuen saila hedatu da baina hiri aberatsa izan bada garai batean, merkatari handiak baserritarrez baliatzeko ez baitziren lotsa, orain aldatu da musika: inguruko supermerkatu handiek uzten dizkioten purrusketarik bizi behar baitu edo iraun, hobeki errateko.

Donibane Lohizunen ere ez omen dira goiti ari, astearte eta ortziraletako merkatuak segurik, halako arrakasta ukan dutelarik alta luzaz!

Gauza bada tole baina erosleak gero eta xuhurrago.

Hor ere saltegi handiek biltzen dute erosleen diru gehiena.

Aldaketa hori, ez da haatik hemengoa bakarrik, Frantzia behere horietarik etorria baitzaigu izurrite hori ere: halako hiri ederrak, halako herri plaza maitagarriak, gutiz gehienak beheiti ari dira komertzio mailan.

Supermerkatu erraldoi horiek, hiriak setiaturik dauzkate eta salerosketa hoberen guzia xurgatuz urkatzen ari dituzte.

Komertsantek berek ez dutela aski indar egiten? Segur faltak badituzketela eta beharbada falta handiak.

Baina ez erran otoi supermerkatu handi horiek utzi hondarkinekin ongi bizitzen ahal direla!

Doi bat aisetasun ez badu komertzioak ez du ateratzerik.

Supermekatuak emendatu dira sekulako oldarrean azken hamarraldietan.

Ezkerrekoek ala eskuinekoek sustatu dituzte, zenbaitek sakelak ongi betez bitartean, inflazioa doi bat bederen menean atxikitzeko aitzakian.

Denbora berean langabezia emendatu da araberan, iduri ezean sekulako langileria baitzen saltegi ttiki haietan.

Orain aldiz, mañatera handi horietan jendea bera zerbitzatzen da eta hiru edo lau aldiz langile gutiagorekin egiten da lana.

Komertzio ttikiak baldin bazuen iratzartzearen beharra, izarian atxikitzen ahalko zuten supermerkatu horien hedapen lotsagabea, (langabeziak beste iturririk ere baduela bistan dena, nahiz gehienak logika beraren ondorioak diren).

Gizarte lausoa eta zentzu gabea, gurea!

Aitzinamendu tekniko miresgarriak ere izan direla bistan da, baina beha otoi desmasiei: hiriak ahulduak, airea kutsatua hatsik ezin hartzerainokoan, eta bestalde auzotegi batzuk gaiztagin zilo bilakatzen ari!

Beha baserriei eta bazterrei, jendez beti eta beti husten ari, eta gainera neurririk gabeko ustiaketaz lurrak eta urak kutsatuak; behi eroaren eritasuna, eta abar.

Egoera iluntzen dugula? Ekologista integristak garela? Edo oraino bi milagarren urteari hurbiltzean sortu zorigaitz igarle haietarik? Ez, alafede ezetz.

Baina ez da dudarik plangintza orokor baten bidez neurriak hartu beharko zirela gauzak horrenbeste makurtzera utzi gabe.

Hondorako bidea hartua dugu, ederrak gostako baitzaizkigu hortik ateratzea eta oreka berri baten atzematea.

Politikari zikoitz eta diruzale harraparien lanak kario ordaindu beharko ditugu.

Baina gizartean ere zenbat eta zenbat ez da, ez baitute beren xilkoa baino haratago ikusi nahi? Ederrena, duela urtea entzun genuen Pariseko J.M.J. famatuen antolatzailearen gandik: Gure pegatineria guzia Asia hego-ekialdean egina izan da, merkeago heldu zitzaigulakotz. Hori da hori hurko lagunaren maitasuna, jaun andreak...